XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.2.2. Neurketak polimetroa erabiliz

Oro har polimetroak erresistentzia, korrontearen intentsitatea eta potentzial-diferentzia neurtzeko erabiltzen dira gehienbat, eta magnitude hauek neurtzerakoan kontuan izan behar dugu:

Erresistentzia: zirkuituak elikatu gabe egon behar du, eta konektoreak, neurtu nahi dugun elementuarekin paraleloan aplikatuko dira.

Tentsioa: Zirkuitua elikatu ondoren, konektoreak paraleloan ezarriko dira potentzial-diferentzia dagoen bi puntuetan.

Intentsitatea: Zirkuitua elikatuta (tentsiopean) dagoelarik, zein puntutan (pasatzen den korrontea) neurtzea erabaki ondoren, puntu horretan zirkuitua eten egingo da eta bi konektoreak seriean tartekatuko dira.

Neurketa hau da arriskutsuena polimetroarentzat. Ampereak neurtzeko prestatu ondoren bi konektoreen artean potentzial-diferentzia aplikatzen badugu, barne-zirkuituak (edo fusiblea) hondatu egingo zaizkio.

Zenbait modelotan tentsioa neurtzeko konektore aktiboa (gorria), intentsitatea eta erresistentzia neurtzeko bornean ez da konektatzen, beste batean baizik. Oro har, neurtu nahi den magnitudea edo funtzioa aukeratzeko tekla ezberdinak daude . Bestalde, eskalaren maila aukeratzeko teklak daude (maila automatikoki aukeratzeko tekla barne).

2.2.3. Elikatze-iturria

Zirkuitu elektronikoek funtziona dezaten behar dugun potentzial-diferentzia emango digun gailua dugu.

Sarreran sareko korronte alternoa aplikatuz (220V) irteeran korronte zuzena ematen du, balioa 5V-etik 30V-erainokoa izan daitekeelarik. Batzuk irteera aldakorra izaten dute balio minimo eta maximoaren artean.

Sarrerako ezaugarri teknikoak:

- Sarrerako tentsioa: Sareko seinalearen balio efikaza (220V).

- Sarrerako seinalearen maiztasuna: Europan 50 Hz.

- Kontsumoa: Irteeran aplikatzen zaion kargaren menpe dago. Maximoa.

Irteerako ezaugarri teknikoak:

- Irteerako tentsioa: Balio finkoa edo minimo eta maximo baten artean alda daitekeena.

- Korronte maximoa: Aplikaturiko kargari eman diezaiokeen handiena.

- Egonkortasuna: Irteerako tentsioaren gorabeherak, sarrerako tentsioa edo aplikaturiko karga aldatzen denean.